top of page

ZIRIAKO ANDONEGI IPUIN LEHIAKETA

m  i  k  r  o  i  p  u  i  n  a  k

2     0     1    8

Helduen mailako irabazlea

Igor Mercado Azkuenaga

Leioa

IHES

Zortzi urte betetzear zituela, gurasoak etxean ez zeuden arratsalde batez, aitonaren txinbera herdoildua hartu, balkoira atera eta aurreko telaituko kurloiei tiro egin zien Jonek. Lehenengo tiroak txoriak sakabanatu zituen; guztiak bat izan ezik. "Ergel halakoa", egin zuen bere kautarako. Hirugarren tiroak, bere harridurarako, bete-betean eman zion, txoritxoa erlaitzetik espaloira eroriaraziz. Izuturik, hilotza lurretik jaso eta ohe azpian izkutatu zuen; egunetara, amak aurkitu. Errieta izan zen etxean: aitaren hitz gogorrak, amaren ulerberatasuna ondoren, arrebaren sinesgaiztasuna, zigorra azkenik. Urtetara, gorputegian aitaren arropa odoleztaturik ikusterakoan, sumina eta amorruaren artetik txikitako zalantza berbera berpiztu zitzaion barrenean. Alegia, zergatik ez zuen garaiz ihes egingo.

Gazte mailako irabazlea

Maialen de Abajo Elorriaga

Getxo

ALTXORRA BABESTU NAHIAN

Atearen hotsa entzundakoan arin urreratu zitzaidan alaba besarkatzera. Erabat beldurtzen gintuen senarraren etxeko giltzen zaratak; bata bestearen babesean ez entzutearena egin genuen, agian elkarri helduta indartsuagoak ginelakoan. Gogor estutu nuen altxorrik garrantzitsuena nuen neska txiki hura. Burura etortzen zitzaidan hitz bakarra “babes ezazu” zen. Behin eta berriz. Hala egin nuen. Baina zoritzarrez banekien etorkizunean ondorio fisikoen zauria gutxienekoa izango zela. Besoetan hartutakoan oheratu nuen. Guztiz lokartuta zegoela ziurtatu arte ez nintzen bere albotik aldendu.  Egongelarako bidean senar mozkortuak hartu ninduen. Orain ni nork babestuko ninduen galdera bakarra. Baina bost. Altxorra nolabait  babesturik zegoen.

Mutrikuar onenari saria

Asier Juaristi Iparragirre

MODERNITATEAREN GAUZAK... ORA PRO NOBIS

Zer nolako oroitzapenak! Oraindik gogoan dut erdiko kalen jarri duten argazkiko Maixak astoa tranpakalen utzi eta banan-banan marmita betetzera joaten ginenekoa. Arrain bila aldiz Pikuatxikineko harategi aurrera hurbiltzen ginen saski txikia eskuan hartuta. Eta merkatu plazan, hura giroa! Astigarribiako Torre, Olatzko Gaztañeta eta Kalbaixoko Aitxitxaberri, besteak beste. Eskaintza zabala eta kalitatea nagusi inguruko baserritarek ekoiztutako produktuetan. Otarra handia hartu eta mandatuak egitera!
Bapatean, norbait etxean sartu dela sumatu dut.
“Amona, zertara joan zara Donostiara, telebista berriaren bila ala kartoia eta papera erostera?“

bottom of page